Ni poeta kaxkar bat naiz eta kolore urdinez eskribatzen dut gauez, desio irrixtakorrak itsuturik doaz ihes gauaren leize-zulora, mundua azpikoz gora, dena jartzen dut aldrebes.
Zure lurralde oparoa ikusmiratzen dut lehenik gauaren zirrikutik zelatan eta haragiz koloreztatzen zure gorputzaren figura irudimenaren ixpiluan, zure sabel borobilaren maldan behera amilduz.
Zure lurralde zabala indarrez goldetuz, denbora joanen erdoiak akestutako zure desioak zorrozten ditut eta zorion-hazia botatzen etorkizun lainotuaren tartean oraino esperantza murriztuaren hildoa luzatuz.
Nahiaren uholdeek bortizki astintzen naute ilunaren tintontzian hustutzen ditudan arte.
Ametsak gordintzen ditut gau grinatsuaren labean eta gero ixiltasun hezetuaren arnasa ezinaren eskaparatean gandutzen da doi-doi.
Azkenik, ixiltasun bustiaren oihartzun mutua bilusik gelditzen da gau ilunaren apalean eta nik azpildurak josten dizkiot loak hartu arte.
Ni poeta kaxkar bat naiz eta kolore urdinez eskribatzen dut gauez.